Piano kolpe batek eta zintzarri hotsek hasiera ematen dioten disko bati buruz hitz egiteko aukera izatea opari bat da edozein kazetarirentzat. Izan ere, Amoranteri horrenbeste atsegin dugun distira dario; badakizue, hainbat kontzeptu elkarrekin itsatsi eta testu itxuroso bat idaztea errazten digun hori. Mikel Laboaren kantu baten bertsioa egiteko autotunea darabilenari buruz hitz egiteak abangoardia eta tradizioaren arteko talkaz aritzeko aukera ematen baitugu, herri-musikaz eta halakoez. Bertso zaharren grazia eta egungo joerak nahastea baino hoberik ez baitago euskaldunok liluratzeko.
Diskorako zuzenekoetan ohikoa duen alkandora loreduna erantzi du Amorantek baina, eta luma zorroztera behartzen gaitu horrek. Lasai, elgoibartarraren betiko elementuak topatuko ditugu oraindik ere: tronpetak, sintetizadoreak eta gitarrak osatutako hezurdura mantentzen dira, baita ohikoa duen sakratuaren eta profanoaren arteko oreka ere. Arian-arian osatzen dituen soinu matrioxka horien muin hauskorra inoiz baina ageriago uzten dute abestiok, ordea. Pop disko bat da hau beste ezer baina gehiago, molde garaikideak erabiltzen dituena Amorantek bere-berea duen aurpegietako bat erakusteko.
Klixeez harago, Iban Urizar era askean aritu da berriz, instrumentu, ahots eta gailu ezberdinak gainjarri eta estruktura bakarrak sortu eta eraisten. Egiten duena pertsona bakarreko ganbera-musika baita, finean; edo soto-musika, nahiago baduzue. Izaera bizi hori da liluratzen gaituena, emaitzak aldiro ezberdinak izanagatik. Oraingoan, inoizko biluzien datorkigu Amorante, horretarako jantzi beltz dotore bat propio sortuta. Ospatzekoa da, mugimendu etengabe horren argazki bat gordetzeko ematen dizkigun aukerak urriak baitira.
My love wears forbidden colours,
my life believes.
My love wears forbidden colours,
my life believes in you once again.